Elkarrizketa

Zientziaren alderik gizatiarrena
oholtza gainean jartzen duen antzezlana

Mestizajes Programa
Donostia International Physics Center

Elkarrizketa Luisa Etxenike idazleak eta Gustavo Ariel Schwartz fisikari eta idazleak lankidetza transdiziplinar eta berritzaile batean idatzitako antzezlana da. Antzerki lan bateratu hau Donostia International Physics Center-eko Mestizajes Programaren barnean kokatua dago.

Bere ibilbidearen maila gorenean dagoen zientzialari prestigiotsu baten eta kazetari zientifiko probokatzaile baten arteko topaketa gisa aurkeztua, Elkarrizketa antzezlana eztabaida sutsu gisa eraiki da, ikerketa zientifikoaren balioa eta erantzukizuna, eta honek gizartearekin eta bizitza publikoarekin duen harremana bezalako gaurkotasuneko gaien inguruan. Baina bi protagonistek ezin izango dute saihestu, trama dramatikoa aurrera doan heinean, eztabaida honek bigarren istorio bat azaleratzea, non pertsonaien identitateek ezaugarri berriak hartuko dituzten eta haien arteko harremanak ustekabeko konplexutasuna azaleratuko duen. Asmo eta gatazka pertsonal eta moralen baitan eraikia, apurka-apurka Elkarrizketan azaleratzen den harreman honek espresuki gogorarazten du XX. mendeko zientzialari garrantzitsuenetako biren artekoa: Niels Bohr daniarra eta Werner Heisenberg alemaniarrarena, 1941ean Kopenhagen izan zuten elkarrizketa ospetsuaren ondoren bat-batean amaitu zena.

Elkarrizketa antzezlana Mestizajes Programaren baitan idatzi zen. Programa honek artistak, idazleak eta zientzialariak elkartzeko gune alternatibo bat eskaintzen du, zientziaren eta humanitateen arteko elkarrekintza berriak bultzatzeko helburuarekin. Antzerkia, beraz, idazle eta zientzialari baten arteko elkarlan estuaren eta konbinazio askoren emaitza da: formen eta lengoaien, ikuspegi analitikoen eta estetikoen; eta generoen artekoa. Era berean, egileen oinarrizko helburu baten ondorioa da: literatura zientziatik bereizita erakutsiko duen testu bat sortzea, eta alderantziz; baina aldi berean, bi alderdiak elkarrekin nahastuta daudela erakusten duena, hibridoa idazketaren muinean. Pertsonaien eraikuntza eta garapen pertsonala, aukera estilistikoak, eta gaiak agerian uzten dituen modua kontuan hartuta, Elkarrizketak lan dramatiko baten ezaugarriak ditu. Proposamen zientifiko baten ezaugarriak ere baditu, benetako eztabaida eta ikerketa eremuetara eraman daitezkeenak. Hala ere, alderdi literario eta zientifikoen hibridazioan adierazten du Elkarrizketak bere esanahia bereziki: estilo ariketa bihurtzen diren formulazioak; sentimenduak gorpuzten dituzten axiomak; materia atomoak giza kontzientziaren eta sentimenduen ñabardura infinituen metafora bihurtuta.